XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berak bere eskuz ahal zuen bezala moldatua, lastoz, landa zokho batean: zeru-lurreri zabal-zabala idekia.

Hantche bizi zen esketik bildu ogi kasko batzuekin gaizo Micheria, hotzarekin bizkar hezurreraino hoztua, euriarekin larru-barneraino buztia.

Dohakabea! Eta nolako soinekoekin! Alde guzietarik zilhatuak: athorra galtza iphurditik ageri: lehengo chapel turruta luze irri-egingarri hetarik bat buruan.

Zer haurren trufaren bazka!.

Horra nun udazken ilhuntze batez, sekulako hotzarekin, han barna iragaitean, Micheriaren etcholan sartu zen Jesus Jauna.

- Agur, Micheria.

- Agur, jauna.

Aise ikusten dut hoztu zarela kampo hortan.

Neretzat behinere ez dut egiten, bainan zato, phiztuko dut su eder bat.

- Milesker, nik ez dut hotzaren beldurrik.

- Bai bederen gosearena? Har zazu beraz mahain gainetik ogi kozkor hori eta biek jan dezagun.

Eta erditik eginik Jesusek eta Micheriak jan zuten ogi kozkor hura..........

Hain chuchen, orduantche berean, plazan partida bat errebotean eginik etcherat zoazin hamarbat haur.

Etcholaren parrean gelditurik oihuka hasi ziren.

- Kuku hadi, marro zaharra.

Eta kisk kask harri batzu etcholako lastorat erori ziren.

Lasterka hurbildurik, prediku eder bat egin zioten Jesusek haur tzarreri eta etcherat igorri zituen, urrikia bihotzean.

Zer eskerrak bihurtu ziozkan Micheriak berritz etcholan sartu zitzaionean.

- Badakizu nor naizen bederen ni? zion Jesusek orduan galdetu.

- Batere, jauna: bainan nor-nahi izan zaitezen, zure mintzo eztiko gizonik ez dut behinere kausitu, nik, hemen gaindi.